2015-eko Seminario Eguna: liturgiarako gidoia

SORTZE GARBIA
SEMINARIOAREN EGUNA
«ERRUKITSU ORAINDANIK»

Abendu aldian, Eleizak aparteko gomuta egiten dau Mariaz. Sortze Garbiaren eguna, liturgi aldi honetan sartu behar dogu. Maria eredu dogu, berak erakutsiko deusku zelan itxaron behar deutsa-gun Jaunari.

Ospakizunetan “Abendu aldiko koroa” badarabilgu, gaur kandela bi biztuko doguz eukaristia hasi aurretik.

SARRERAKO OHARRA

Anai-arrebok: Abendu aldian gagoz eta gaur Mariaren Sortze Garbia ospatuko dogu. Emakume honek Jesukristori zelan itxaron eta Bera zelan onartu erakusten deusku, gero mundu osoari eskaini deiogun salbamenezko opari lez.

Frantzisko Aita Santuak Errukiaren Urteari hasierea emongo deutso, San Pedro basilikako Ate Santua zabalduz. Gizadi osoari Jaungoikoaren errukiaren atea zabaltzen deutsan aparteko Jubileuari ekingo deutsagu, beraz.

“Errukitsuak Aita lez” izenburua jarri deutse Urte Santu honi eta horixe dago sustraian Seminarioaren eguneko goiburuan: “Errukitsu ORAINDANIK”. Abadea Jaungoikoaren errukiaren eroalea da, batez be, adiskidetzearen sakramentuan. Abadegaiek horretarako prestatu behar dabe, eta oraintxe erakutsi behar dabe erruki hori behartsuen, sufritzen dagozanen, baztertuen eta samurtasuna behar daben guztien aldeko hurkotasun eta arretan.

Eskatu deiogun Jaunari ugari emon deiguzala gure Eleizbarrutiak ezinbestekoak dituan abadetzarako bokazinoak.

Abestuz ekingo deutsagu ospakizunari.

ABADEAREN AGURRA

Maria graziaz bete eban errukiaren Jaungoikoa, zuekin.

DAMU OTOITZA

Apaltasunez, Eukaristia hau duintasunez ospatzeko ezinbestekoa dogun parkamena eskatuko deutsagu Jaungoikoari, santa Maria sortzez garbiaren bitartez.

— Mariaren Semea zarana: Erruki, Jauna.

— Gure antzeko zarana, pekatuan izan ezik: Kristo, erruki.

— Gugan bizi zarana: Erruki, Jauna.

OHARRA 1. IRAKURGAIARI (HAS 3, 9-15. 20)

Jatorrietatik, pekatuak gizon eta emakumeen historia osoa zeharkatzen dauala iragarriko deusku lehenengo irakurgaiak; baina baita salbamenaren agintzariak eta gauzatzeak be. Emakume bat, Maria, pekatu bako bakarra da eta bera da Bizi Barriaren eroalea.

OHARRA 2. IRAKURGAIARI (EF 1, 3-6. 11-12)

Paulo apostoluak bedeinkapenezko ereserkiagaz hasten dau Efesokoei idatzitako gutuna. Jaungoikoaren salbamen-egitasmoaren laburpena da.

Jaungoikoak aukeratu ginduzan Kristogan, bere santu, seme eta alaba izateko.

JAUNGOIKOAREN HERRIAREN OTOITZA

Jaungoikoa gure Aita guztiz errukitsua dala dakigunoi jagokun konfiantzagaz, gure beharrizanak aurkeztuko deutsaguz.

1. Errukiaren Urtea hau aldi egokia izan daitela Eleizarentzat eta sinistedunen lekukotasuna sendoago eta eraginkorragoa izan daitela. Eskatu deiogun Jaunari.

2. Frantzisko aita santuak, gotzainek, abadeek eta diakonoek bihotz-zabaltasunez maitatu daiela euren ardurapean dan herria, Jesukristo Artzain Onaren irudi izanda eta Jaungoikoaren arpegi errukitsua erakutsi deiela munduari. Eskatu deiogun Jaunari.

3. Gure abadegaiak errukiaren eroale izan daitezala oraindanik, euren bitartez askok berraurkitu daian Jaungoikoaren samurtasunaren poza. Eskatu deiogun Jaunari.

4. Une gatx honeetan oinazetan eta beharrizanean dagozanek antzeman daiela gure hurkotasuna eta Jaungoikoak danontzat gura dauan zuzentasunaren alde jarduten dihardugula. Eskatu deiogun Jaunari.

5. Gure artean sortu daitekezan bokazinodunei laguntzeko gauza izan gaitezala. Eskatu deiogun Jaunari.

Gure otoitza aurkezten deutsugu, Aita, Maria Sortzez Garbiaren bitartez. Emoiguzu fedez eskatzen deutsuguna. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

OHARRA SEMINARIOARENTZAKO DIRUA BATU AURRETIK

Orain batuko dogun dirua Eleizbarrutiko Seminarioaren esku itziko dogu, abade izango diranak hezten eta gure artean abade izateko aukerea aztertzen diharduenei Bokazino Pastoraltzan laguntzen jarraitu daian. Eskerrik asko eskuzabaltasunez jokatzeagaitik.

JAUNARTZE OSTERAKO HAUSNARKETA

Frantzisko aita santuak Errukiaren Urte Santua aldarrikatzeko atera dauan Buldatik (24. zenb.).

Errukiaren Amagan jarriko dogu orain arretea. Bere begiradaren gozotasuna sentitu daigula Urte Santu honetan, danok aurkitu daigun barriro be Jaungoikoaren samurtasunaren poza. Inork ez dau Mariak besteko sakontasunez ezagutu gizon egindako Jaungoikoaren misterioa. Haragi egindako errukiaren presentziak moldatu eban dana bere bizitzan. Kurutziltzatu Berbiztuaren Ama Jaungoikoaren errukiaren santutegian sartu zan, partaidetza estua izan ebalako bere maitasunaren misterioan.

Jaungoikoaren Semearen Ama izateko aukeratua, Maria betidanik prest egon zan Jaungoikoaren eta gizon-emakumeen arteko Itun-kutxa izateko. Jaungoikoaren errukia bere bihotzean gorde eban, bere Seme Jesusegazko aditze bikainean. Isabelen etxearen atalasean egin eban gorespen-kantua «gizaldiz gizaldi» (Lk 1, 50) luzatzen dan errukiari eskaini eutsan. Geu be jasota gengozan Maria Birjinaren hitz profetiko hareetan. Hauxe izango da gure kontsolamendua eta babesa, Jaungoikoaren errukiaren frutuak esperimentatzeko, Ate Santua zeharkatzen dogun bitartean.

Kurutzearen oinetan, Maria, Joan maitasunaren ikasleagaz batera, Jesusen ahotik ateraten diran parkamen-hitzen lekuko da. Kurutzean josi dauanari eskainitako gorengo parkamenak erakusten deusku noraino iritsi daiteken Jaungoikoaren errukia. Mariak autortzen dau Jaungoikoaren Semearen errukiak ez dauala mugarik eta dan-danongana heltzen dala. Zuzendu deiogun Mariari ‘Salve Regina’ otoitz zahar eta beti barria, eten barik bihurtu daizan bere begi errukitsuak gugana eta errukiaren arpegia, bere Seme Jesus begiesteko duin egin gaizala.

ABADEAREN AGURRA (BEDEINKAPENAREN OSTEAN)

Ospakizun honek itxaropenez bete gaizala Abendu aldi honetan aurrera egin daigun eta, Mariaren antzera, Jaungoikoaren maitasunaren lekuko leial bihurtu gaitezan.

(Visited 78 times, 1 visits today)

Related posts

Leave a Comment

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.