2016-eko Seminario Eguna: gotzainaren mezua

“ADISKIDETZERA BIALDUAK”

GOTZAINAREN MEZUA

Anai-arreba maiteok.

Errukiaren urtea amaitu barri, eta Abendu aldiaren testuinguruan, Mariaren Sortze Garbiaren jai handia ospatuko dogu. Mariarengandik jaso dogu Aitaren errukiaren arpegia, Birjina Amarengandik jaiotako Jesus. Mariaren sabelean sortu zan Espiritu Santuaren graziaz. Mariarengandik hartu eban gure haragia. Eta holan, gure haragi honetan agertzen da Jaunaren arpegian eta bizitzan gure bila ateraten dan Aitaren amaibako errukia.

Mariaren egun honetan, Seminarioaren eguna ospatzen dogu. “Adiskidetzera bialduak” goiburua aukeratu izan da aurtengo ekitaldirako. Bialduak izate hori, ikasle misiolari guztiei, hau da, kristinau guztioi jagoku. Bateoaren bitartez, Jesusen ikasle bihurtzen gara eta Berak bialdu egiten gaitu bere maitasun eta errukiaren lekukotasuna emotera. Jardunaldi honetarako goiburua, batez be seminaristei begira dago, izan be, eurok, Jaunaren deiari erantzunez, euren ministerioa garatzeko prestatzen dihardue: Jaungoikoaren kontsolamendua, argia, maitasuna errukia behar dabenen bila atera. Bialketak, abian dan Eleiza gogorarazoten deusku, hain zuzen be, Frantzisko Aita Santuak aitatzen deuskun Eleiza.

papa-francisco-palomaXumetasunez eta apaltasunez eta, aldi berean, erabagiz eta ausardiaz, misino egoeran jarri gura dogu. Jaunak berak bialtzen gaitu bidekurutzeetara, oinazez eta etsipenez jantzitako lekuetara, azken batean, gizon eta emakumeen bizitzaren bihotzera, Jaunaren Barri Ona iragartera, Jaungoikoaren errukia agertzera emotera. Adiskidetzea da, hain zuzen be, errukiaren agerpenik sentiberenetakoa eta sakonenetakoa. Jaungoikoagaz, anai- arrebakaz, lagun hurkoagaz, iraindu edo mindu doguzanakaz, geure buruagaz adiskidetzea, behar-beharrezkoa da bizitzea egokitu jakun sasoi honetan. Adiskidetze hori ezinbestekoa dogu geure bizitza pertsonalean eta baita bizi garan gizartean.

“Adiskidetzera bialduak”, kanpaina honetako goiburuak, birsorkuntza pertsonal eta komunitarioaren kutsuaz gainera, esperientzia pertsonalaren aberastasuna be badau gaur: bila diharduen gizon edo emakumeak edo, beste barik, axolabakokerian bizi danak bere bizitzan, Jesukristogan agertzera emondako Jaungoikoagaz, gizon egindako Semearengan bere arpegia agertzera emon deuskun errukiaren Aitagaz bat egin daiala eragitea. Eta Haregaz bat egitean, parkatua, sendatua, argitua eta kontsolatua sentitu daitela.

Hauxe da, bereziki, abadearen egitekoa. Errukiaren Jubileurako zera errezatzen genduan: “Zure ministroak be makaltasunez apaindu gura izan dozuz, erruki zintzoa sentitu daien ezjakintasunean edo oker dagozanengaitik: horreetako batengana hurreratu daitenak sentitu daiala Jaungoikoa bere zain dagoala, maitatzeko eta parkatzeko prest”. Jaungoikoak makaltasunean erakusten dau bere indarra, apaltasunean eta otzantasunean bere ahalmena. Geure makaltasunean, Berak bere egintza gauzatu gura dau eta bere tresna lez bialdu gura gaitu, danek sentitu daien itxaropena, maitasuna eta parkamena. Jaungoikoak beren-beregi bere ministroen esku jarri gura dauan egiteko eder eta zoragarria.

Une honetan, Jauna handia eta oparoa izan da gugaz. Zorionekoak gara, lau abade barri doguzalako. Errukiaren urtearen frutu ederra da. Horregaitik, arren eskatzen deutsuet abade guztien alde eta, batez be, aurten ordenatuko dodazanen eta abadegaien alde otoitz egiten jarraitu daizuela. Eskatu eizue eten barik mahastiko nagusiak bere mahastira beharginak bialtzen jarraitu daiala, Jaunak abadetzarako bokazino barriak bizten jarraitu daiala. Espiritu Santuak ukitu daizala zerbitzu honetarako deitutako gazteak, eskuzabaltasunez eta poztasunez erantzun daien.

Gure abadegaien alde otoitze egiteko eta, ahal dogun neurrian, seminarioaren beharrizanei aurre egiten laguntzeko eguna da gaurkoa. Seminariora bertara joateko be eskatzen deutsuet, abadegaiak eta gure alkarteek behar dabezan abade prestu, alai eta apalak izateko daroien prestaketa ezagutu daizuezan.

Gaur Maria Birjinaren esku itzi gura doguz. Bere bitartekotzaz, Jaunak gazte askori deitu deiola aurrerantzean be, bere atzetik joan daitezan ikasle misiolari lez abade ministerioan, eta zerbitzatua izatera ez ezik zerbitzatzera eta, Beragan bizia ugari izan daigun, bizia emotera etorri dan Artzain Onaren deiari erantzun deioen.

Bihotzez,

+ Mario Iceta Gabicagogeascoa
Bilboko Gotzaina


mario iceta obispo bilbao

Mons. Mario Iceta Gabicagogeascoa

Bilboko Gotzaina

(Visited 54 times, 1 visits today)

Related posts

Leave a Comment

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.