2015-eko Seminario Eguna: Gotzai jaunaren eskutiza

“ERRUKITSU ORAINDANIK”

Anai-arreba maiteok:

1. Urtero Maria Birjinaren Sortze Garbia ospatzen dogun egunean, Seminarioaren eguna be ospatzen dogu. Aurton, gainera, aparteko eran ospatuko dogu, Frantzisko Aita Santuak egun hau aukeratu daualako Errukiaren urte santuari hasierea emoteko. Deialdirako buldan dinoanez: “Jai liturgiko honek Jaungoikoaren jokamoldea adierazoten dau gure historiaren hastapenetatik. Adan eta Evaren pekatuaren ostean, Jaungoikoak ez eban gizadia bakartadean, txarkeriaren mende itzi gura izan. Horrexegaitik pentsatu eta nahi izan eban Maria santu eta orbanbako maitasunez (ik. Ef 1, 4), gizon eta emakumeen Askatzailearen Ama izan eiten. Pekatuaren larritasunari, parkamenaren osotasuna erantzuten deutso Jaungoikoak. Errukia, edozein pekatu baino handiagoa izango da beti eta inork ezingo deutso mugarik jarri parkatzen dauan Jaungoikoaren maitasunari. Sortze Garbiaren egunean, Ate Santua zabalduko dot poz handiz. Oraingoan, Errukiaren Atea izango da eta edozeinek zeharkatu ahal izango dau eta, holan, kontsolatzen, parkatzen eta itxaropena emoten dauan Jaungoikoaren maitasuna sentituko dau” (MV, 3).

2. Hau dala-eta, Seminarioaren eguneko goiburuak bat egin gura izan dau Aita Santuaren ekimen horregaz: “errukitsu oraindanik”. Honek agerian itzi gura dau ezinbestekoa dala oraintxe bertan Jaungoikoaren errukia sentitzen hastea eta behar-beharrezkoa dala gure bihotza Kristo Jesusengan agertzera emondako eta Idazteunean era askotara adierazotako Aitarena lako bihotz errukitsu bihurtzea. Honen haritik, benetako protagonista nagusia Aita dauan seme xahutzailearen parabolak bikain agertzera emoten ditu Jaungoikoaren errukizko errai horreek.

papa-francisco-paloma3. Euskal Herriko eta Nafarroako gotzainok errukiari eskaini geuntsan gure azken pastoral idazkia, Frantzisko Aita Santuak Eleizari emon gura deutsan pastoral bihotz-barritzean funtsezko alderdia dala jakinda. “Jainkoaren errukiaren adierazpena Ituna da, Jainkoak berak beti leial beteko duena, nahiz eta herriaren desleialtasunak etengabeak izan. San Gregorio Handiak dioenez: “Erruki gorenak ez gaitu bertan behera utziko, ezta geuk uzten badugu ere” (Hom. 36 super Ev.). Itun hau dohaina eta grazia da, batez ere etsipenezko eta heriotzazko uneetan. Horra hor errukia hitzaren sorburua: Giza miseriara bihurtzen den bihotza, gizakia besarkatzen eta hauskortasunetik, barneko hondamenditik eta bekatutik askatzen duen eta berriz ere Itunera itzularazten duen Jainkoaren bihotza. Hain zuzen ere, desleialtasunaren eta sufrimenduaren aurrean jadesten du bere esanahi sakona errukia hitzak. Jainkoaren leialtasuna bere ibilian zauritua eta eraitsia izan dena salbatzera ateratzen da. Errukia gupidatik haratago doa: eraginkorra da, irteera da, amaigabeko bilaketa da salbatzeko, sendatzeko, suspertzeko, bizkortzeko” (Bihotz errukitsua, 5).

4. Seminarioaren egunean errukiaren urtearen hasierea ospatzean, abade ministeriorako aukeratu dituanei bihotz errukitsu hori emoteko eskatuko deutsagu Jaungoikoari. Errukiaren iturri dan Jaungoikoaren bihotza bezalakoa daben artzainak izan daitezala. Zerbitzari apal, bihotz-zabal, otoizlari izan daitezala, Jaungoikoaren esperientzia sakona izan daiela eta anai-arreben, batez be behartsuenen, oinetara jarteko gauza izan daitezala, euren bizitzagaz sekula bertan behera izten ez gaituan Jaungoikoaren maitasuna agertzera emoteko. Jaungoikoaren errukia hots egiten dauan Ebanjelioaren Barri Onaren lekuko eta iragarle amorratu izan daitezala, sakramentuetan emoten diran salbamenaren misterioen banatzaile apal eta arduratsu eta Jaungoikoaren Herri Santuaren buru, zerbitzuzko eta errukizko jarreragaz eta bizia Jaunaganako eta anai-arrebenganako maitasunez emonez, lagun hurkoaren alde dana emoten dauan errukiaren zeinu eraginkor lez.

5. Seminarioaren egunean, abade ministeriorako bokazinoen eta seminarioaren alde otoitz egiteaz batera, egunen batean artzain izango doguzanen heziketa arretatsuak eragiten dituan beharrizanei erantzuten be lagundu behar dogu, bakotxak bere aukeren arabera. Horregaitik, eskuzabaltasuna eskatzen deutsuet heziketa honi eusteko ezinbestekoak diran ondasun espiritual eta materialak konpartitzerakoan. Maria Birjinaren Sortze Garbia ospatzen dogun egunean, jarri daiguzan bere eskuetan abadeak, abadegaiak, hezitzaileak, laguntzaile eta ongileak eta gazteak, Jaungoikoaren deia entzunda, pozez eta euren burua eskainiz, Mariaren antzera erantzun daien: “Hona hemen Jaunaren mirabea. Gerta bekit zuk esan bezala” (Lk 1, 38).

Senide maitasunez.

+ Mario Izeta Gabikagoxeaskoa
Bilboko Gotzaina


mario iceta obispo bilbao

Mons. Mario Izeta Gabikagoxeaskoa

Bilboko Gotzaina

(Visited 49 times, 1 visits today)

Related posts

Leave a Comment

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.